Monday, November 14, 2011

Bideoaren didaktika hezkuntzan (1)

     Eskoletan irakurketa eta idazketa lantzen den bezalaxe, bideoaren eta teknologiaren hizkuntza ere landu behar da, hizkuntza honetan komunikatu ahal izateko eta bertatik jasotzen diren edukiak ulertu eta barneratzeko. Baina ezin da ahaztu teknologia hauen erabilpena printzipio pedagogikoetan eta ez teknologikoetan oinarriturik egon behar direla.

Bideoen metodologia eta erabilpen didaktikoa.

     Didaktikoak ez diren milaka bideo aurki daitezke nonahi, baina erabilpen egokia emanez gero, dituzten aukera teknikoak eta hezigarriak anitzak dira. Aukera hauek guztiak atera ahal izateko, eta ikasgelan modu egoki batez erabiltzeko, lau dira jarraitu beharrezko pausuak:

  1. Gelan erabili aurretik: Gelan bideoa erabili aurretik, irakasleak bideoa hiruzpalau aldiz ikusi behar du, honek dauzkan edukiak eta hizkuntza ulertzeko, eta baita gelako ikasleentzako egokia den edo ez jakiteko. Ideia ona da, irakasleak momentu honetan fitxa bat betetzen hastea, geroago pausu guztiak ematerakoan bukatzeko. Fitxa hau datu base batean gordetzeko baliogarria da. Mapa kontzeptual bat egitea ere ondo legoke, baita jorratuko diren jarduerak planifikatzea ere. Azkenik, bideoaren funtzioa eta helburua zein izango den zehaztu behar da.
  2. Erabilera bitartean eta ikusi aurretik: Ikasleen adina eta ezagupenak zein diren jakinda, hainbat estrategia erabili daitezke: ikusiko denaren informazioa eskaini; ikasleek betetzeko fitxa bat eman, aurretiazko ezagutzekin bete dezaten; bideoa ikusi aurretik, bideoaren gaiari buruzko jarduera batzuk egin; bideoa ikusi aurretik, ikasleekin mapa kontzeptual bat sortu, etab.
  3. Bideoa ikusten den bitartean: Momentu honetan lortu nahi dena, ikasleak bideo bat ikusterakoan, ikerketa jarrera bat izatea da, etxean telebistaren aurrean izaten duten jarrera pasibotik aldenduz. Gelan bideoa ikusten den bitartean, beraiek eskatzen dutenean geratu dezakegu, agertutakoa komentatzeko. Baita bideo emanaldian zehar apunteak hartzen irakatsi ere.
  4. Bideoa ikusi ondoren: Bideoa ikusi ondoren, hainbat jarduera jorratu daitezke, adibidez: Hasieran betetzen hasi diren fitxak bukatu, bideoaren laburpena egin, mapa kontzeptual bat eraiki eta hasieran egindakoarekin alderatu, informazioa barneratzeko jarduera ezberdinak egin, ikasleen arteko eztabaida sortu etab.

No comments:

Post a Comment