Monday, December 19, 2011

HDO eta bere ezaugarriak


    Nola definitu genezake Hezteko Objektu Digital bat? Esan genezake hezkuntza eduki bat dela, non bere helburua ikaskuntza den, eta bera bakarrik edo eta beste eduki batzuekin bateratuz, hezkuntza material multimedia bat sortzen duen. Objektu honek, funtzio didaktiko jakin bat betetzea du oinarrizko helburu.

    Zeintzuk dira HOD batek dituen ezaugarriak? Bada, anitzak dira ezaugarri hauek, eta teknologia, pedagogia eta ergonomiari egiten diote erreferentzi. Honako hauek izango lirateke:

  • Multimedia: bitartekoak ezagututa, hauen multimedia baliabideak kontutan hartu behar dira, ahal den neurrian duten potentziala aprobetxatzeko.
  • Elkarreragilea: HODtan aplikatzen diren ikaskuntza metodologiak elkarreragileak izan behar dute, helburu pedagogikoak zuzentasunez betetzeko.
  • Beraietara iristea erraza izatea: edozein erabiltzailek erabili ahal izatea, teknologia maila neutroa izatea, ulerterrazak izatea, etab.
  • Malgutasuna: erabiltzaileengatik kontrolagarriak izan behar dira, zehaztutako helburuetara iritsi ahal izateko.
  • Modularra izatea: moduluz osatutako estruktura eduki behar du.  
  • Berrerabilgarria: modulu ezberdinez osatua egoteak, modulu horiek beste unitate didaktiko batzuetan erabiltzea ahalbidetzen dute.
  • Ulerterrazak: HODak gida batez lagunduta aurkeztu behar dira, funtzioak, helburuak, ebaluaketa bideak, etab azaltzen dituelarik.
  • Portabilitatea: sistema estandarretan oinarrituak egon behar dira.
    Zeintzuk dira HOD baten osagaiak? Galdera honi erantzuteko, esan beharra dago, Objektu Digital batek, Hezteko Objektu bat bezala ulertu daitekeela, non eta hezkuntza bideratzeko erreferentziarik aurkitzen zaion. Hortik aurrera, agregazio mailak zehaztu behar dira, eta ere berean, maila bakoitza hiru aldagaik definitzen dituela: estruktura, funtzionaltasuna eta gertuko kobertura curricularra. Agregazio mailak honako hauek dira:

  • 1. Maila, Oinarrizko Objektua: agregazio maila txikiena da, eta media edo media integratuak objektuak osatzen dute. Beraiek bakarrik ez dute funtzio didaktiko zehatzik betetzen. Adib: termometro baten argazkia, fisika, osasuna naiz klima ikasteko balio du. Objektu hauek media edo media integratua multzoan sartzen dira.
  • 2. Maila, Ikaskuntza Objektua: ondorengo maila da, eta 1. Mailako objektuz osatua dago. Funtzio didaktiko zehatz bat betetzen duen maila txikiena da (Instrukzio Diseinua) . Ikaskuntza aktibitate bat edo gehiago ditu, baita bere ebaluazioa ere. Instrukzioa, ikasle baten hezagutza maila handitzen duena bezala ulertu behar dugu. Izan daitezke, adibidez: joko didaktiko bat, webquest bat, simulazio bat, esperimentu bat, etab. Modu honetan, Instrukzio diseinu batek honako elementuak eduki behar ditu:
    •  Planifikazioa.
    •  Ikaskuntza objektu zehatzak eta orokorrak.
    • Landuko diren konpetentziak zehatzak.
    • Ikaskuntza helburuen arabera sortuko diren ezagutza motak.
    • Adostutako ebaluazio irizpideak.
  • 3. Maila, Sekuentzia Didaktikoa: 2. Mailako objektu digitalez osatutako estruktura dauka. Ikasketa eta ebaluaketa ekintzak dauzka.
  • 4. Maila, Formakuntza Programa: azken maila da, eta bertan, adibidez, hezkuntza errekurtso bakar batean, kurtso ezberdinetako baliabideak sartuak izatea. Hauek, 3. Mailako objektuez osaturik daude.

Sunday, December 18, 2011

HOD Hezteko Objektu Digitala


Oraingoan Hezteko Objektu Digital bat diseinatzeko lana izan dugu. Oraindik bukatu gabe dago, baina norbaitek betatesting-a egin eta iradokizunak egin nahi badizkigu, garaiz gaude! Hemen dituzue oraingoz bi zati:






Scratch Project


Scratch Project


Eta hemen duzue gida didaktikoa , HOD (multzotxo) honen metainformazioarekin:

HOD eta hezkuntza


    Denbora daramagu IKT-ek hezkuntzarekin duten harremanaz eta honengan duten garrantziaz hitz egiten, baita “sareak” eskaintzen dizkigun aukera pedagogikoak nabarmentzen. Oraingoan, HOD-ei (Hezteko Objektu Digitala) helduko diegu, IKTak eskolan integratzeko bide direla ulertzen baitugu.

         Esan beharra dago, objektu hauek oraindik garapen fase batean aurkitzen direla, beti ere erabiltzaileen beharretara eta hauek dituzten ezaugarri ezberdinetara egokitu behar baitira, besteak beste, hezkuntza curriculum ezberdinak, ikasleen adina eta ezagutzak, irakasleen IKTak erabiltzeko maila, gizartearen behar ezberdinak, etab. Beraz, HOD kopuru eta hauen eduki zabal eta ezberdin baten beharra ikusten da, eta ez hori bakarrik, baita sarean modu publikoan, dohainik, eta era ireki batean partekatzeko aukera ere, beti ere modu estandarizatuan. Hau izango bailitzake objektu hauetara heltzeko bide unibertsalago bat.

    Eskolak geroz eta erreminta teknologiko gehiagoz (eta berriagoz) horniturik daude, eta erreminta hauei errendimendu egoki bat ateratzeko beharra dagoela ikusirik, administrazioak, plangintza ezberdinen bitartez, besteak beste, Internet Eskolan (Internet en la Escuela) eta Internet Gelan (Internet en el Aula) planek objektu hauen sorkuntza, hedapena eta katalogazioa bilatu nahi da, eta bide batez, kalitatezko materialak sortzeko inbestigazioa sustatu. Baina azkenean erabiltzaileak moldatu, sortu eta birsortu daitezkeen objektuak izango dira objektu hauen hedapena ziurtatuko dutenak.

    Baina nola definitu HOD bat? Zein ezaugarri ditu? Galdera hauen eta beste batzuen erantzuna hurrengo post-ean aurkituko ditugu.

Monday, December 12, 2011

Zer da berrikuntza gelan?

Kontuz ibili behar da IKTak erabiliz gure ikasleentzako ariketak prestatu nahi ditugunean. Arriskua baitago (errazena honetan erortzea da, egia esan) irakasleak prestaketan izugarrizko lana hartzeko, eta ondoren ikasleei interesik gabeko bide gidatu eta ziztrina eskaintzeko.

Hezteko Objektu Digital bat egiteko agindu zaigun egunotan, hor ari gara pentsatzen... zer sortu. Eta sortzea askotan (beti?), aurretik sortuak ziren gauza batzuk era berritzailean elkartzea izaten denez, gutako batek mobilean zuen joko hau oinarritzat hartzea bururatu zitzaigun. 

Ideia honakoa zen: jokalariak salto eta salto besterik ezin du egin eta, gora doala, galdera bat azaltzen zaio noiz behinka (adibidez: balea ugaztuna da?); hurrengo saltoan bi gainazal izango lituzke aukeratzeko (zapaldu eta berriro salto egiteko), batak “bai” eta besteak “ez” idatzirik dutela; erantzun okerra aukeratuz gero, gainazalak kale egingo luke eta panpinarekin batera amilduko litzateke eta asmatuz gero, segi gora jolasten jarraitzera! Oso ideia ona iruditu zitzaigun! 

Baina halako batean... hori test bat da eta!! Test zeharo pobrea, gainera! %50 eko horietakoa! Ariketa hori prestatzeak (jokoa programatzeak) lan handia lekarkioke irakasleari eta txorakeria litzateke ikasleentzat. Litekeena da dibertigarri iruditzea, baina zenbat denboraz? 5 minutuz? Jolastera behartu beharko genituzke pantaila pasa arte? Akabo jolasa, hasi aurretik.

Aukera bat, beharbada, eduki jakin batzuk gaitzat hartuz ikasleei joku bat sortzeko eskatzea litzateke (Scratch-ekin nahiko erraza da). Gainera gero ikaskideei jolasten utzi eta jokoa interneten jartzeko ideiarekin... 11-12 urteko aurrentzat beharbada...

IKTek batzuetan berritzaile izaten ari garela pentsarazi diezagukete, baina, horretxegatik inoiz baino gehiago, metodologia zaindu behar dugu. Guk behintzat, ikasiko dugu Scratch erabiltzen, eta balea ugaztuna den edo ez errepasatuko dugu :-)))

Ea zer diseinatzen dugun! Hurrengo post batean eskainiko dugu txertatuta :-)

Nola diseinatu irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak IKTen laguntzarekin?

Jordi Adellek, bideo honetan, IKTak erabiliz irakaskuntza egokia egiteko TPAC izeneko eredua aurkezten du (Judith Harrisi hartuta). Eta oso egokia iruditu zaigu ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak aurrera eramaterakoan (eta batez ere diseinatzerakoan) irakasleok iparra gal ez dezagun. Alegia, irakasgai zehatzaren edukiak, gure ekintzen pedagogia eta ezagutza teknologikoa landu behar ditugula, guztiak, eta ikasleentzako ariketak prestatzerakoan guztiei arreta eskaini.






Izan ere, ez da gutxi entzuna IKT-en eta metodologiaren arteko gatazka: IKT-ak erabiltzea ez dela irakasle ona izatea. Modernoa agian bai, baina irakasle ona izatea ez, pedagogia ahazten badugu. 

Eta egia da, baita ere, pedagogoen joera dela edukiei (ezagutzazko edo kontzeptualei) garrantzia kentzea. Garai batean garrantzia horri bakarrik ematen zitzaiolako, beharbada.

Beraz, blog honetan lantzen eta erakusten dugun irakasgaiaren hurrengo faseak ildo honi jarraituko diola uste dugu.

Ondoren, bideoaren sintesi labur bat eskaintzen dizuegu, beti ba omen dago norbait bideoak ikusi ezin dituenik (edo ikusi nahi ez dituenik).

 

    Irudiak azaltzen duen bezalaxe, TPACK (Technological Pedagogikal Content Knowledge) hiru multzoren batura da, edo beste era batera esanda, hiru multzoek elkarbanatzen duten ezaugarria da. Irudi honek, irakasle batek, bere jarduera modu egoki batean aurrera eramateko jakin behar duena da, baita teknologia berrien bitartez jarduera didaktiko digitalak diseinatzeko jakin behar duena.Sistema honen sortzailea edo ezagutzera eman duen pertsona, Judi Harris da, eta pertsona honen arabera, gaur egungo jardueren plangintza didaktikoa, “teknozentrikoa” da, hau da, teknologia edo erreminta jartzen da jardueraren erdian, eta ez dugu ahaztu behar, ikasleak direla jarduera guztietako erdigune, “ikaslezentrikoa” behar luke izan.
    Irudiarekin jarraituz, hiru multzoak zer diren azaltzen hasiko gara. Batetik, edukien multzoa dago (urdina), honek esaten du, irakasle batek, lehenik eta behin edukia menderatu behar duela, gainontzean nola irakatsi eduki hori? Honi, “zer irakatsi” deituko genioke. Multzo horia berriz, pedagogiari egiten dio erreferentzi, hau ere, irakasle batek jakin beharrekoa ere, eta honi “nola irakatsi” esango genioke. Azkenik, multzo morea, irakasle batek teknologia ezagutzeari eta erabiltzen jakiteari deritzo, hau, azken urteotan derrigorrezko bihurtu den zerbait izanik.
    Hiru multzo hauen elkartzeak, multzo txikiago batzuk sortzen ditu. Batak, edukiaren pedagogia ezagutza azaltzen du; besteak, edukiaren ezagutza teknologikoa; eta beste batek, ezagutza teknologiko-pedagogikoa. Baina guztien erdian azaltzen den txikitxo hori da, lortzen saiatu behar duguna, hau da, edukiaren ezagutza teknologiko-pedagogikoa. Hiru alderdiak menperatu behar dira, eta era beran hiruak bateratu eta praktikara eramatea lortu behar da.
    Irakaslearen plangintza, modelo honen arabera, ikasleari egokitua (norberaren ikasleei noski), testuinguruari lotuta, jardueretan oinarrituta eta ohizkoa izan behar du. Jarduera bat diseinatzeko orduan, hainbat pausu jarraitzera gomendatzen gaitu modelo honek:
1.        1-Curriculumeko zein atal landu nahi den jakitea, arloari dagozkion helburuei erreparatuz.
2.        2-Jarduera didaktikoaren erabaki pedagogiko praktikoak hartzea.
3.        3- Sekuentzia didaktiko bat sortzeko orduan, jarduera egokiak aukeratu eta sekuentziatu.
4.        4-Ebaluaketa estrategiak aukeratu.
5.        5-Eta azkenik, erremintak aukeratu.
    Azkenik, esan behar dugu, naiz eta teknologiak asko lagundu gaitzakeen, ezin dugula ahaztu pedagogia on batek didaktika hobetuko duela, eta ez teknologiak. Azken hau, erreminta baino ez da, baina pedagogia ona bada eta teknologia baita, bien elkarketak, emaitza hobetuko du.

Thursday, December 8, 2011

About

Kaixo irakurle.

Blog hau magisteritzako lau ikaslek sortua da. UPV/EHUko Donostiako Irakasle Eskolan Daniel Losada irakasleak gidatzen duen “IKTak Lehen Hezkuntzan” irakasgairako, hain zuzen.

IKTen eta Lehen Hezkuntzaren ingurukoak izango dira beraz gure post-ak. Irakasgai honen programa 2012ko urtarrilaren 16an bukatuko bada ere, nohiz behinka blog hau aberasten jarraituko dugu. Beraz ez galdu erreferentzia eta ez ahaztu, iruzkinak ongi etorriak dira!

                                 Lander                      Unai                     Imanol       eta       Mikel

Sunday, December 4, 2011

Nola aurkeztu eduki bat modu erakargarrian?

     Ikaslideok egindako bideoak ikusi ondorengo ondorioak:

   Bideoak ikusi ondoren konturatu gara ikasleei bidalitako ariketa ireki batek zein emaitza ezberdinak ekar ditzakeen!

   Bideo bat egin behar genuela agindu zitzaigun eta, gabonak gertu direla, gutako batzuek jostailu baten iragarkia egin dute (oso profesional, portzierto!).
     Beste batzuek, berriz, kontsumo joeraren aurkako iragarkia egin dute (hau eta hau, adibidez).

  Eta besteok generoen estereotipatzeen aurka, edo IKTen abantailen alde...  egin dugu iragarkia. Guztiak ederrak.

    Edonola ere, asko ikasi dugu ariketa honekin. Batez ere, youtuben bideo bat igotzeko beldurra galdu dugula ziurtatu da eta hau (bideoak youtubera egunero igotzea ez, baina beldurrik ez ezatea bai) ezinbestekoa da  gaur egun irakasle izateko.

Monday, November 28, 2011

Hezkuntza eta bideoa I: Bideo hezitzaileak VS Bideo didaktikoak

     Dakigun bezala, bideoak hezkuntza arloan baliabide oso interesgarriak dira interes handiko gauzak egiteko aukera anitzak ematen dizkigulako, hau da, guk gure bideoak egiteko aukera ematen digun bezala beste bideoak moldatu ditzakegu gure hezkuntza beharren arabera. 

     Bideoen barnean, komenigarria izango litzateke bi motatako bideoak daudela desberdintzea, bideo hezitzaileak eta bideo didaktikoak. Bideo hezitzaileak, edozein telebista katetan dokumental bezala agertzen diren bideoak izan daitezke, bideo didaktikoak ordea aurretiko prestakuntza pedagogiko baten ostean egindako bideoa izango litzateke. Prestakuntza honetan azalduko dira zer nolako helburuak lortu nahi dira bideo honekin, zer nolako metodologia erabiliko den, hau da zer nolako ariketak edo/eta ekintzak egingo diren bideoa ikus aurretik eta ikusi ondoren eta bukatzeko zer ebaluatuko den azaldu behar du. 

     Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan baliabide hauek barneratzeko momentuan irakasleek bideo didaktikoen eta bideo hezitzaileen arteko desberdintasunak sustatzen dituen aldagaiak aintzat hartu beharko dituzte. Bideo didaktikoak, hezkuntza arloan erabiltzen ditugun edozein baliabide bezala, zeregin batzuk edukiko ditu: 

  • hezigarria: oinarrizko informazioa transmititu eta motibatu bere ikaskuntzarako 
  • Informatzailea: ikaskuntzan gehien erabilitako baliabidea. 
  • Motibatzailea: ikasleen arreta erakartzeko eta ikasteko gogoa sortu ahal izateko. 
  • Adierazgarria: laguntzen digulako gure sentimenduak adierazten zerbait egiten dugunean. 
  • Ikertzailea: baliabide honen bitartez grabatu duguna behatuz ikasteko erabili dezakegulako 
  • Komunikatzailea: irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak marko komunikatzaile batean ematen direnez bideoei ezker hobetu dezakegu komunikatzeko era.

Sunday, November 27, 2011

IKTekin loturak askatzen




                         
 Eta hona hemen egin genuen Gidoi teknikoa: 
View more presentations from mikelsgartzia.

Saturday, November 26, 2011

Prestakuntza beharren zerrenda

     Iragarkia sortzeko garrantzitsuena ideia ona edukitzea da. Baina bestelako beharrak ere izango ditugula aurreikusten dugu:

  • Bideo kamera
  • Aktorea(k)
  • Aktoreen baimena bideoa interneten jartzeko
  • Iragarri nahi duguna
  • Gidoia
  • Eszena ugariren grabazioa
  • MovieMaker programa (adibidez) guztiak txertatzeko edizio fasean
  • Musika (creative commons lizentziaduna, jamendo -n bilatuz, adibidez)
  • Bideoa internetera igotzeko 2.0 zerbitzu bat (youtube, adibidez)

Tuesday, November 22, 2011

Gidoi bat sortzen


    Kontatu nahi den edozein istoriok, hitzezkoa naiz ikus-entzunezkoa izan, gidoi baten beharra du, eta huraxe lantzeko hainbat pausu jarraitu behar dira. Gidoi bat lantzea, istorioa sortzeko lehen pausua da.

    Lehenik eta behin ideia bat behar da, derrigorrezko elementu bat da, honek emango baitio hasiera istorioaren sorkuntzari. Ideia horren barruan egon daitezke: pertsonaiak, testuingurua, denbora, ondorioa, etab.

    Behin ideia edukita, gidoi literarioa egitera pasako gara. Gidoi honek, istorioaren nondik norakoak zehaztasunez deskribatuko ditu, istorioa osatzen duten akto guztiak kontutan hartuz. Syd Field-en esanetan “istorio guztiak, elkarloturik dauden gertakari segida batez osaturik daude, non amaiera dramatiko batean bukatzen den”. Hau da, gidoi literarioa egiterakoan, istorioaren hasieratik bukaeraraino gertatuko den dena deskribatuko du.

    Ikus-entzunezko istorio bat denez, gidoi literarioa osatu eta gero, gidoi teknikoa osatzeko garaia heltzen da. Gidoi honek, filmatuko denaren nondik norakoak deskribatuko ditu, eta inoiz ez, kontatuko dena. Beti ere sekuentzia bidez lan egingo da, eta besteak beste, honako hauek hartuko ditu kontutan:  kanpoan edo barruan gertatzen den, egunez edo gauez den, soinua eta argitasuna eta baita zein plano erabiliko den zehaztuko du.

    Azken pausua, story board bat osatzea izango da. Honek, marrazkien bidez gidoi teknikoa ilustratzeko balio du. Sekuentzia ikusiko den moduan ilustratzea da helburua.

    Hauek izango lirateke, ikus-entzunezko istorio baten grabaketa hasi aurretik jarraitu beharreko pausuak.

Monday, November 21, 2011

Alfabetizazio audiobisuala: Ikusentzunezko hizkuntza

     “Bideoaren didaktika hezkuntzan (1)” post-ean azaldu den bezala, gaur egun alfabetatua ez da idazten eta irakurtzen soilik dakiena, beste zenbait hizkuntza modu erabiltzen eta ulertzen jakin behar du. Horien artean ikusentzunezko hizkuntza dago, non irudiek eta soinuek duten garrantzia.

    Alfabetatzeaz ari garenez, oinarrizko hezkuntzako curriculumean, ikusentzunezko hizkuntza ezagutzak sartu beharko lirateke. Besteak beste, argazkiak, bideoak, komunikabideak, publizidadea, irakurketa kritikoa eta sorkuntza audiobisuala lantzen dituztenak. Beraz, pertsona batek formakuntza audiobisual egoki bat izan dezan, irudietan dauden mezuak ulertzeko eta irudien bitartez komunikatzeko gai izan behar du.

     Hizkuntzaz hitzegiten ari garenez, komunikazioa ere aipatu beharko genuke, bada, hitzezko hizkuntzak bezalaxe, komunikazioa gertatzeko beharrezkoak diren elementuak aurki ditzazkegu: igorlea, kodea, mezua, kanala, testuingurua eta hartzailea. Hauetariko elementu batek bere funtzioa modu egokian beteko ez balu, informazioa ez litzake bere osotasunean iritsiko eta komunikazio arazoak agertuko lirateke. Eta hizkuntza den bezala, sinbolo multzo batez eta erabilera arau batzuez osaturik dago. Hizkuntza modu honek, baditu ere, bere elementu morfologikoak, gramatika eta errekurtso estilistikoak.

     Esan beharrik ez dago informazioz inguraturik gaudela, eta guzti horiek prozesatu ahal izateko, pertzeptzio organuen bidez jasotzen ditugu, gero burmuinera bidaltzeko. Burmuinak bi modutan prozesatu dezake informazioa: sekuentzialki, non burmuinak informazio abstraktua prozesatzen duen (hitzak, eskemak,….), eta globalki, non burmuinak informazio zehatzago bat prozesatzen duen (marrazkia, argazkia,….) eta bapateko erreakzioa sortzen den.

Publizidadea eta propaganda.

    Bi hauek, hizkuntza audiobisualean oinarritutako komunikazio teknikak dira, eta mass mediaren adierazpen modua da. Mezuaren hartzailea zerbait erosteko (publizidadea) edota pentsakera mota batzuk izateko (propaganda) estimulua bilatzen dute, eta hau lortzeko, anuntzioen bidezko publizidadea adibidez, lau zutabetan oinarritzen da:
    • Atentzioa: kontsumitzailearen atentzioa bereganatzea.
    • Interesa: produktuaren interesa piztea.
    • Gogoa: produktua kontsumitzeko gogoa eta beharra pizten du.
    • Akzioa: erostera bultzatzen du.
     Publizidadez naiz propagandaz inguraturik gaudela ikusita, mezu horien analisi objetibo naiz subjetiboa egiten ikasi behar da, eta hau ere izan daiteke, hezkuntzaren erronka askotariko bat.

Gehiago sakondu nahiezgero bisitatu: http://www.peremarques.net/alfaaudi.htm
  

Saturday, November 19, 2011

Hipotesien idazketa: Nola aurkeztu eduki bat modu erakargarrian?

     Iragarkia bideoa denean eraginkorragoa da testu idatzia denean baino. Errazago ikus daiteke jarrera pasiboan. Hala ere, ezaugarri batzuk kontuan izan behar direla suposatzen dugu (lan honetan murgildu aurretik) atentzioa geureganatu eta iragarkia eraginkorra izan dadin:


     Hartzailea nor den, lehenik eta behin, kontuan hartu beharko da. Ez da berdin 3 urteko umeentzat jostailuak iragartzea ala 10 urtekoentzako izatea. Lehen kasuan gurasoei zuzenduta legoke iragarkia (segurtasuna, jostailuaren balio didaktikoa...) eta bigarren kasuan haurrari zuzenduko genioke (modako pertsonaiak aipatzea iragarkian,generoaren araberako jostailu ohiturak,  autoak, panpinak...). Nahiz eta harrituko ginatekeen, saldu daitezken jostailuak ikusita. Begira zer esaten den, adibidez, bideo honetako 15. minututik 16. minuturako tartean.


     Iragarkiaren irudia geroz eta hobea izan balio hobea iritziko diogu, baina kamera arrunt batekin egindako bideo batek ere erakar gaitzake garatutako bideo batek baino gehiago, bizitza errealaren kontrastea eta umorea erabiliz, adibidez.


     Eta musikaren erabilera ere maisulana izan daiteke, gu ohartzen ez bagara ere. Ikusten ditugun iragarkietan alde batera eta bestera, gora eta behera erabiltzen gaitu musikak, irudiekin koordinaturik (adibidea).


     Iragarki bat egin behar dugu azaroaren 27rako. Ea zer ateratzen den!

Tuesday, November 15, 2011

Bideoaren didaktika hezkuntzan (2)

Ikasleen bideoaren erabilpen aktiboa.
     Alfabetatze audiobisualean, ikasleak hizkuntza honetan komunikatu ahal izatea lortu nahi da, eta bideo bat sortzea da, besteak beste, ikasi beharreko zerbait. Bideo bat sortzea, hainbat pausutako lana da, eta beti ere talde-lanean jorratutakoa. Pausuak bideo profesionaletan erabiltzen diren berberak dira, naiz eta gure kasuan ez dugun azken produktua ebaluatuko, baizik eta pausu horien kalitatea. Hauek izango lirateke bideo bat sortzeko jarraitu beharreko pausuak:

  1. Hitzarmenaren fasea: Talde-lana dela jakinda, pausu honetan partaide bakoitzaren zeregina eta ardura maila zein izango den adostuko da. Proiektuaren planifikazioaren zirriborroa ere egingo da.
  2. Informazio bilketa (dokumentalismoa): Argi dago pausu honen helburua, informazioa bilatzea. Ondo dago internetetik informazioa bilatzea, bideoekin harremana estuagoa baita liburuekin topatzen dena baino. Baina toki guztietatik bilatzea (eta bilatzen jakitea) da gomendagarriena. Baliogarriak izan daitezkeen audioak, irudiak eta testuak bilatuko dira.
  3. Gidoitzea: Lanak izango duen itxura zehaztuko da, jasotako informazioa (irudi, audio...) zein den aztertu eta gero. Planifikazio zehatzagoa egingo da.
  4. Produkzioa: Grabaketarekin zerikusia duen pausua da, eta ez da guztiz itxia dagoen lana izango, beti egongo baita momentuan zerbait aldatzeko aukera.
  5. Edizioa: Lanaren azken pausua da eta bideo ediziorako bereziak diren softwareak erabiltzen dira. Hauekin, jasotako informazio, irudi, audio eta kamerarekin grabatutakoak nahasten dira eta bideoa sortzen da, guk nahi dugun itxura eta iraupenarekin.

Bideo digitala sortu eta editatzeko herremintak.

     Gaur egun erreminta ugari aurki ditzakegu bideo bat grabatu eta editatzeko. Sinpleenen artean QuickTime Pro aurkitzen da, non moztu, itsatsi eta horrelako oinarrizko funtzioak agertzen diren, eta baita bideoaren itxura aldatzeko balio duten maskarak ere. Hala ere, egungo sistema eragileek badituzte berezko erremintak, adibidez, Windows Xp-k Movie Maker dauka, hau ere erabiltzen nahiko erraza. Mac/OSX-k berriz I-Movie dauka. 

    Nola ez, ezin dugu ahaztu, txartel digitalizagailu bat beharrezkoa dela grabatutako bideoak (digitalak naiz analogikoak) ordenagailura pasatzeko. Baita CD-Rom edota DVD grabagailu bat eduki behar da bideoa CD edo DVD batean gorde ahal izateko.

Monday, November 14, 2011

Bideoaren didaktika hezkuntzan (1)

     Eskoletan irakurketa eta idazketa lantzen den bezalaxe, bideoaren eta teknologiaren hizkuntza ere landu behar da, hizkuntza honetan komunikatu ahal izateko eta bertatik jasotzen diren edukiak ulertu eta barneratzeko. Baina ezin da ahaztu teknologia hauen erabilpena printzipio pedagogikoetan eta ez teknologikoetan oinarriturik egon behar direla.

Bideoen metodologia eta erabilpen didaktikoa.

     Didaktikoak ez diren milaka bideo aurki daitezke nonahi, baina erabilpen egokia emanez gero, dituzten aukera teknikoak eta hezigarriak anitzak dira. Aukera hauek guztiak atera ahal izateko, eta ikasgelan modu egoki batez erabiltzeko, lau dira jarraitu beharrezko pausuak:

  1. Gelan erabili aurretik: Gelan bideoa erabili aurretik, irakasleak bideoa hiruzpalau aldiz ikusi behar du, honek dauzkan edukiak eta hizkuntza ulertzeko, eta baita gelako ikasleentzako egokia den edo ez jakiteko. Ideia ona da, irakasleak momentu honetan fitxa bat betetzen hastea, geroago pausu guztiak ematerakoan bukatzeko. Fitxa hau datu base batean gordetzeko baliogarria da. Mapa kontzeptual bat egitea ere ondo legoke, baita jorratuko diren jarduerak planifikatzea ere. Azkenik, bideoaren funtzioa eta helburua zein izango den zehaztu behar da.
  2. Erabilera bitartean eta ikusi aurretik: Ikasleen adina eta ezagupenak zein diren jakinda, hainbat estrategia erabili daitezke: ikusiko denaren informazioa eskaini; ikasleek betetzeko fitxa bat eman, aurretiazko ezagutzekin bete dezaten; bideoa ikusi aurretik, bideoaren gaiari buruzko jarduera batzuk egin; bideoa ikusi aurretik, ikasleekin mapa kontzeptual bat sortu, etab.
  3. Bideoa ikusten den bitartean: Momentu honetan lortu nahi dena, ikasleak bideo bat ikusterakoan, ikerketa jarrera bat izatea da, etxean telebistaren aurrean izaten duten jarrera pasibotik aldenduz. Gelan bideoa ikusten den bitartean, beraiek eskatzen dutenean geratu dezakegu, agertutakoa komentatzeko. Baita bideo emanaldian zehar apunteak hartzen irakatsi ere.
  4. Bideoa ikusi ondoren: Bideoa ikusi ondoren, hainbat jarduera jorratu daitezke, adibidez: Hasieran betetzen hasi diren fitxak bukatu, bideoaren laburpena egin, mapa kontzeptual bat eraiki eta hasieran egindakoarekin alderatu, informazioa barneratzeko jarduera ezberdinak egin, ikasleen arteko eztabaida sortu etab.

Sunday, November 13, 2011

3.Klasearen ondoren, ondorioak.



IKTak Lehen Hezkuntzan irakasgaiko 3. klasean talde bakoitzak bere txostenerako aukeratutako gaiaren aurkezpena egin du. Gure gaia RSSak ziren, web 2.0-aren zerbitzuen artean.

Adibidez beste talde batengandik jakin dugu wikiak egiteko Wikispaces zerbitzuaren berri (euskarazko bertsioa ere baduena). Guk, gure taldean google docs erabiltzen dugu denon artean testuak idazteko (era sinkroniko edo asinkronikoan) eta, wikiek bezala, zerbitzu honek dokumentua taldean idatzi eta historiala begiratzeko aukera ematen du. Baina ez dauka erabiltzaileen sartu-irtenak ikusteko aukerarik (ez dugu ezagutzen behintzat) eta hori interesgarria litzateke taldekideen inplikazioa ikusteko.

Mapen gaia aukeratu zuten ikaskideek, berriz, irakatsi digute nola txertatu (embed) dezakegun gure blogean leku jakin baten erreferentzia. Hau da, google maps-a toki jakin batean kokatu eta eskaintzen digun html helbidea kopiatu gure blogean txertatzeko. Bideoekin eta txostenarekin egin izan dugun bezalaxe.

Azken baten, ikusten dugu 2.0 zerbitzu hauek guztiak oso errazak direla erabiltzen eta, horixe, 2.0 egiten dutela internet. Erabilterraza, alegia. Edonork bere bloga egin dezake, sare sozialetan jendea ezagutu, wikietan haiekin lan egin, RSSekin eta sareko mahaigainekin nork bere denbora eta informazioa era pertsonalizatuan kudeatu... 

Kuriosoa da mundu hau.