Showing posts with label Konpetentzia digitalak. Show all posts
Showing posts with label Konpetentzia digitalak. Show all posts

Monday, October 31, 2011

Sistema informatikoak

    Hasiera batean, informatika, informazioa automatikoki kudeatzeko zientzia modura definitu zen. Baina gaur egun hori baino askoz ere gehiago da. Esan daiteke, informatika ordenagailuen zientzia modura definitu daitekeela, eta ezin da komunikazioa, telefonia, internet, etab, informatika gabe ulertu.
     Informatikaren bilakaera, kalkulu matematikoak egitetik hasten da, lehenengo kalkulagailua Abakoa izanik. Hortik aurrera, eta algoritmoetan oinarriturik modu ezberdineko makinak sortzen joan ziren. Lehen ordenagailua berriz, elektronika modernoaren garapenarekin batera azaldu zen, eta etengailu elektrikoen bitartez, korrontea igarotzeari=1 eta ez igarotzeri=0 esleitzea erabakitzean datza. Etengailu horien modernetzearekin batera, ordenagailuaren etekina hobetuz joan da.
     Ordenagailuen garapena, teknologiaren garapenarekin bat egiten du, eta bost belaunalditan ezberdindu daiteke:
     › Lehenengo belaunaldia (1940-1952):
Huts-balbulez osaturik daude, eta erabilera zientifiko naiz militarrerako sortuak dira.
     › Bigarren belaunaldia (1952-1964):
Huts-balbulak alde batera utzi eta transistoreak erabiltzen hasten dira, baita lehenengo ordenagailu komertzialak azaldu ere. Sistema eragilea azaltzen da.
     › Hirugarren belaunaldia (1964-1971):
Zirkuitu integratuak erabiltzen hasten dira. Honek ordenagailuen tamaina eta kostua txikitzeaz gain, ordenagailuaren etekina hobetu zuen. Lehenengo programa komertzialak agertu ziren.
     › Laugarren belaunaldia (1971-1981):
Mikroprozesadorea azaltzen da, bertan ordenagailuaren oinarrizko elementuak biltzen direlarik. Ordenagailuaren eta erabiltzailearen arteko komunikazioa bideratzen duten periferikoak hobetzen dira.
     › Bosgarren belaunaldia (1981. urtetik aurrera):
Software komertzialak eta libreak gero eta garrantzi handiagoa dute.
Ordenagailuaren eta erabiltzailearen arteko komunikazioa bermatzeko, bitartekari grafikoak erabiltzen dira.

     Mikroprozesagailuei esker, ordenagailu pertsonalen iraultza etorri zen. 1977an Apple Computer enpresa sortu zen, eta hortik aurrera, ordenagailua etxeko beste edozein tresna elektroniko bezala saltzen hasi zen. Apple I ordenagailua plazaratu ondoren, mota ezberdinetako ordenagailu pertsonalez bete zen merkatua. Honek estandarizazio falta ekarri zuen, hau da, fabrikatzaile bakoitzak konfigurazio eta lengoaia ezberdinak erabiltzea.
Estandarizazioa 1981ean etorri zen IBM enpresaren eskutik. Epe laburrean, merkatuaren erreferentzia-eredu izatera iritsi zen, guzti hori, Intel 8088 mikroprozesadorean oinarriturik eta Microsoft enpresaren DOS sistema eragilea erabilita. PCarekin batera, programa klasikoak agertu ziren (datu baseen programak, kalulu horriak, testu-prozesadoreak...). Bitartekari grafikoak, multimedia-sistemak eta baita internetek ere izugarrizko aldaketak eragin dituzte ordenagailuetan.

Ordenagailuaren osagaiak: Hardwarea eta Softwarea.
     › Hardwarea: Ordenagailuaren zati fisikoa da eta osagai fisiko hauek osaturik dago:
      -Prozesadorea (CPU): Ordenagailuaren funtsezko osagaia da. Prozesu eta lan guztiez arduratzen da, baita memoria eta informazioaz ere.
      -Memoria: Byte-etan kudeatutako informazioa biltegiratzeko erabiltzen da. Biltegiratu daitezkeen byte kopuruak osatzen edo mugatzen dute memoria ahalmena. Bi memoria mota aipatu behar dira: 1) Kanpoko biltegiratze-memoriak, hau da, DVD, disko gogorrak, disketeak eta abar. 2) eta memoria nagusia, barruko memoria da eta informazioa aldi baterako gordetzen dituena. RAM memoria, memoria nagusi gisa da ezaguna. ROM memoria berriz, irakurtzeko besterik ez da eta sistema informatikoa abiarazteko erabili ohi da.
      -Sarrera/Irteera unitateak eta busak: S/I unitateak, prozesadorea eta beste barruko osagaiak periferikoeki eta biltegiratze-memoriekin komunikatzeko balio dute. Busa berriz, konputagailuen osagaien arteko komunikazio-bide nagusia da.
      -Periferikoak: Erabiltzailearen eta ordenagailuaren arteko komunikazioa bideratzen dute.
     › Softwarea: Ordenagailuaren zati fisikoen funtzionamendu egokia bermatzen duen zati ez-fisikoa da. Softwareak hiru informazio mota biltzen ditu: datuak, sistema eragileak eta aplikazioak. Bi Software mota bereiz daitezke: 1) Aplikazioetara zuzendutako softwarea: datu-baseak, testu-editoreak, etab. 2) Sistemaren softwarea: sistema eragileak, utilitateak, etab.
     Erabiltzaileak eta ordenagailuak hizkuntza ezberdinak erabiltzen dituzte, eta kodifikazio-sistemen bitartez, erabiltzailearen hizkuntza, ordenagailuak uler dezakeen hizkuntzara bihurtzen du.

Sunday, October 30, 2011

Zer da Web2.0? (Manuel Arearen bideoa)

     Manuel Arearen bideo honetan Web2.0 deitzen zaiona zer den eta zehazki hezkuntzan zein eragin duen azaltzen du.

     Ez da ezer fisikoa, baina gizakiek lan egiteko gune berria da. Ez da estatikoa, baizik eta aldaketa jarraia duen gauza, beraz, Web2.0 deitzea gaur egun ezagutzen dugun Internet adierazteko modua da.

     Orain Web1.0 deitzen zaion horretan nagusiki irakurri egiten zuen erabiltzaileak, orain dela hamar bat urte. Gaur egun, ordea, irakurri eta idatzi egiten da eta horrek aldaketa sakonak dakartza. Horregatik Web2.0 deitzeko beharra sentitu da.

     Hezkuntzaren esparruan oso interesgarria da sarean ibiliz ikastean gertatzen dena. Ikasleek informazioa bilatu (idatzizko edo ikusentzunezko testuak) eta irakurri ondoren konpartitu egiten badute, komunikatzen badira, ikaskuntza sakonagoa gertatzen da.  Ikuspegi konstruktibista batez irakasteko oso interesgarriak dira blogak eta wikiak bezalako erremintak bakarka eta, batez ere, taldean lan egitea errazten baitute.

     Baina jakina, irakasleak blog eta wikien sortzaile izan behar du ikasleak erreminta hauekin lanean jarri aurretik. Eta irakasleak lortu behar du ikasteko esparruak ireki izatea, bai internet barruko nabigatze librea eta bai ordenagailutik kanpoko elkarrekintzak naturalak izatea, salto handirik suposatu gabe.

     Web2.0 edo eLearning2.0 garaiko irakasleak, bestalde, ez ditu bere klasean sorturiko baliabide didaktikoak beretzat gordeko (copyleft...). Interneten jarriko ditu besteei eskaintzeko eta, era berean, eskuragarri izango ditu besteen materialak eta esperientziak.






Oinarrizko informatika kontzeptuak (3 PPTak)


     Gure moodle-ean ikusi ditugun power point-etan ordenagailuen, periferikoen eta beraien arteko loturen inguruko informazioa dago.

     Lehenik hardwareen osagaiak aipatzen dira: oinarri-plaka, memoria nagusia, bigarren mailako memoria (CD, DVD, pendriveak...), preiferikoak (inprimagailuak, kamarak, eskanerrak...)... Eta ondoren softwareak zer diren eta zein toki duten.

    Bigarren power pointean interneten historia laburra eta gaur egungo erabilera azaltzen dira. Intranet-a ordenagailu jakin batzuen arteko “interneta” litzateke, Internetarekin lotuta dagoena, pasarela eta firewallen bidez babestuta. Eta internet zerbitzuen arteko ezberdintasunak ere aipatzen dira: azaleraren arabera (LAN, BAN CAN, MAN, WAN), abiaduraren arabera (unitatea: Mbps edo Gbps) eta baita topologiak edo ordenagailuak konektatzeko erak ere (izar itxuran, sare edo malla, bus, eraztun, zuhaitz egituran...)

     Azkenekoan, berriz, ordenagailuaren IP-a zer den, nabigatzaileak, bilatzaileak zer diren eta nola funtzionatzen duten, fittxeroen partekatzea, emaila... aipatzen dira eta amaieran iturri telematiko interesgarrien zerrenda eskaintzen da.

Friday, October 21, 2011

Bigarren klasean ateratako ondorio batzuk...

     “IKTak lehen hezkuntzan” irakasgaiaren bigarren klasean (2011-10-18) besteen teknografiak ikusi eta gureari falta zitzaizkion gauza batzuk ikusi ditugu.


     Guk aurretik jarrita genituen gauzak, eta gainera falta zaizkigun gauzak ikusita, argi dago irakasleek izan behar duten aurretiazko prestakuntza ugaria eta zabala dela. 


     Besteak beste, gizakiaren garapenarekin batera, teknologia ere garatzen doala argi ikusi dugu, eta garai batean,  tresna teknologikoak gauza gutxi batzuentzat erabiltzen baziren ere, eta pertsona gutxiren esku bazeuden ere, gaur egun, jende askok ditu eskura eta edozertarako erabiltzen dira. Horregatik, hezkuntza ere ez da atzean geratu, eta bertan ere garrantzitsua da garai berrietara egokitzen jakitea, eta beharrezkoa dena ikastea.


     Egokitzapen honek buru hauste asko ekarri baditzake ere, argi dago, ondo erabiliz gero, teknologia tresna ezin hobea dela hezkuntzarentzat. Abantaila batzuk aipatzekotan, ezagunena informazioaren eskuragarritasuna da, izan ere, internetekin dena eskura daukagu. Informazio gehiegi, agian? 


     Beste abantailak ere baditu, umeen motibazioa bultza dezakete, lana erraztu dezakete, eta azken finean, esperientzien bidez ikastera lagun dezakete. Era berean, multialfabetizazioa bultzatzen du, teknologien erabilerarekin ikusentzunezko hezkuntza, hezkuntza digitala eta hezkuntza informazionala bultzatzen baitira.


     Azkenik, aipatu beharreko beste ezaugarri positibo bat, klaseko elkarlana bultzatu dezakeela da, eta era berean, elkarlan edo taldelan horretan lagundu. Hala ere, gai hau oso zabala izan daiteke, horregatik, hurrengo postetan argituko dugu. 


     Ondorio moduan: teknologia, gizakia bezala, garatzen doa etengabe eta eskaintzen dituen gauza onei etekina ateratzea lortu behar da. Gizarteko arlo guztietan eta hezkuntzan batez ere! Horregatik, IKTekin lan egiteko, beharrezkoa izango dute, irakasleek, etengabeko egokitzapen eta ikaskuntza eta, era berean, teknologia guzti hau ondo erabiltzen jakitea irakaskuntza hori egokia izan dadin.

Saturday, October 15, 2011

Hobeto ikasten da ordenagailuekin?


     GROS, Begoña (2000). El ordenador invisible. Hacia la apropiaciĂłn del ordenador en la enseñanza. Barcelona: Gedisa. Ediuoc.

     Liburu honetako 5.kapitulua galdera honi erantzuten saiatzen da: Hobeto ikasten al da ordenagailuekin? Erantzun zaila edo galdera desegokia.

     Kontua ez da ordenagailuekin ikasi daitekeen, baizik eta ordenagailuekin gertatzen den ikaskuntza nabarmenki hobea den. 

     Informatikak duen eragina zein den jakin nahi dugu, baina alfabetizazioak izandako eraginaren inguruan ere ez daukagu-eta ezagutza sakonik! Beraz, hain azkar aldatzen diren teknologien inguruan, alderdi zehatzak aztertzea da onena. Lehenik eta behin, hezkuntza eta irakaskuntza bidearen arteko harremanaz dauden hiru iritziak ezagutu behar ditugu:

     Irakaskuntza bideak gertatzen den ikaskuntzan eragina duela uste dutenak. Hauen arabera, bideak metodoa baldintzatu egiten du eta, ondorioz, ikaskuntza ere bai.
Bideak ikaskuntzan eraginik ez duela uste dutenak. Hauen ustez, berriz, erabilitako bideak instrukzioa garraiatuko dute, baina besterik ez. Ikaskuntza instrukzioaren baitakoa izango da. 
Eta bideak eragin dezakeela uste dutenak. Erdipareko iritzi honetan daudenek esaten dute erabilitako bideak irakaskuntza gidatzen ez badu ere, tresna horien ezaugarri batzuek eragina izan dezaketela ikaskuntzan.

     Eraginik bai edo ez, ordenagailuen ezaugarriak aztertzea beharrezkoa da, halanola: notazio mota ugariak (testua, irudiak, musika, bideoa...); dinamikotasuna (beste komunikabide batzuetan baino garrantzia handiagoa du denboraren dimentsioak); eta batez ere, interaktibotasuna.

     Ehundaka ikerketa egin dira ordenagailuen eta hezkuntzaren inguruan. Datu mordoa dago bilduta. Baina datu horiek nola interpretatu da arazoa. Ikerketa horien sailkapena egitea da bide bat eta ildo horretan proposamen ezberdinak daude: kronologikoki antolatzea; ikerketa motaren arabera (teorikoak, enpirikoak, ebaluazioak...); Ikerketa metodoaren arabera (kuantitatiboak, kualitatiboak, teoria kritikoak...); teknologia hauen kostua (ekonomikoa edo ekologikoa) ikaskuntzaren hobekuntzarekin alderatzen dituztenak; ikerketaren ardatzaren arabera (tresna, ikaslea, testuingurua)...

     Ez dago garbi, beraz, ordenagailuak erabilita gertatzen den ikaskuntza nabarmenki hobea den.

Monday, October 10, 2011

Zer nolako garrantzia dute IKTek egungo gizartean?

     Gaur egun, inor gutxik ulertu dezake bizi garen gizarte honetan teknologiarik gabe bizitzea, eta are gutxiago, teknologiarik gabeko gizarte bat. Hain daude teknologia horiek gure bizitzan sartuak, lanerako zein aisialdirako beharrezkoak bihurtu direla. Esan daiteke tekonologia horiek gure gizartea moldatu dutela.

     Teknologia horiek hor daudela jakinda, eta bertan geratzeko asmoa dutela jakinda, ezinbesteko bihurtzen da prestakuntza egokia edukitzea. IKTek informazioa lortzeko inoiz bezalako aukerak eskaintzen dituzte, baina informazio hori modu egokian prozesatzea da lortu behar duguna. Internetek eta baita beste teknologia batzuk ere, komunikatzeko gaur egun arte ezagutzen genituen moduak guztiz aldatu dituzte, eta ezin da jakin honek noraino eramango gaituen.

     Historian zehar, teknlogia desberdinek gizartea moldatu dute; inprentak, ezagutzaren zabalkuntza erakarri zuen; industrializazioak, ongi materialen eskuragarritasuna; irrati eta telebistak momentuan bertako informazioa. Beraz, IKTak gaur egungo gizartean eragin zuzena izango dute, dagoeneko lortu ez badute iada. Ez dezagun ahaztu teknologia eta gizartea eskutik doazela.

     Irakasleak menperatu beharreko teknologien zerrenda (hardware edo software):

  • TV
  • Mugikorrak, smartphoneak
  • PCak eta periferikoak
  • Tabletak
  • Sare Sozialak
  • Blogak
  • GPS, maps,...
  • Ebookak
  • MP3, MP4
  • Bideojokoak
  • Pendriveak
  • Proiektoreak, PDIak...

Konpetentzia digitala eta informazionala eskolan.

     Gaur egungo gizartean berrikuntza teknologikoak ezin ditugu utzi alde batera, ikasleentzat erakargarriagoa delako makina digital bat liburu bat baino eta barneratuta dutelako makinen eta teknologien erabilera euren egunerokotasunean tresna teknologiko ezberdinak erabiltze dituztelako, hau da: mp4, bideojokoak, ordenagailuak, internet, sare sozialak... hori dela eta jadanik hezkuntzan aldaketak daude. Garai batetan, irakasleak liburua besterik ez euskarri izanda, ezagutzaren iturri bakar bihurtzen ziren, gaur egun aldiz ugariak eta anitzak dira  iturri hauek, irakasle eta liburuez gain teknologia berriek eskaintzen duten aukera sorta, esaterako: internet, twiter, moodle..  Horregatik XXI. mendeko kultura, multimodala dela esan dezakegu adierazi, sortu, eta banatu daitekeelako era desberdinetan, papera edo/eta pantailan izan daitekeen bezala. Hau ikusi eta gero hezkuntzan alfabetizazio digital baten beharra zegoela konturatu ziren eta horregatik sortu zituzten hiru alfabetizazio desberdinak: ikus-entzunezkoa, teknologikoa eta informazionala:
  • Ikus-entzunezkoa: Ikasleak testu audiobisualak analizatzeko eta sortzeko gaitasunak edukiko dituzte. 
  • Teknologikoa:   Ikasleak informatika bere bariante desberdinetan erabil ahal izateko trebetasun batzuk garatuko dituzte. 
  • Informazionala: Ikasleak informazioa bilatzeko eta aztertzeko konpetentzi eta trebetasun batzuk garatuko dituzte.

     Alfabetizazio honen helburu nagusiak Ikasleak ikasten ikastea da, hau da, bere bizitzarako iraunkorra izan behar duen auto- ikaskuntza garatzeko gaitasuna sustatzea, IKT ak eremu profesional batean erabiltzeko gai izatea informazioa esanguratsuena bilatuz eta informazioa azaldu eta adierazteko gai izatea.
     Helburu hauek lortzeko nahiz eta alfabetizazio digital bat egon, azpimarratzekoa da  irakasleak eta bere prestakuntzak duen garrantzia. Irakasle batek, formakuntza teknologiko minimo bat izan beharko luke, ikasleak ikasi behar dituzten edukiak menperatuak izan beharko ditu, horretarako irakasgaiekin loturiko materiala eta erreminta digitalak ezagutu behar ditu, ez bakarrik edukiak transmititzeko baizik eta baliabide hauek beste esparru batetan gauzatzeko edo erabiltzeko ikaslea gai izan dadin.

     Helburua ez da irakasleak soilik erreminta kontrolatzea eta ikasleari helburura heltzeko bide bakarra dagoela irakastea, baizik eta irakaslea gai izan behar du ikaslea baliabide ezberdinez janzteko lortu nahi duen metara heltzeko eta horretarako bide edo aukera ezberdinak dituela ohartarazteko.  Aberasgarritasuna egiten ikastean dago eta egite horretatik ikasitakoa esparru ezberdinetan erabiltzeko gaitasunean.


Tuesday, October 4, 2011

Lehen Hezkuntzako irakasle bezala, ze formakuntza teknologiko behar dut?

     Irakasle batek, formakuntza teknologiko minimoa behar du lanean hasterako. Ikasleek kurtsoan zehar ikasi behar dituzten edukiak menperatu behar ditu eta ikasketa hori eragiteko beharrezkoak diren tresnak erabiltzen jakin behar du, horien artean: ofimatika, internet, proiektoreak, arbel digitalak (PDI) eta abar. 

     Zehazki, irakasgaiarekin loturiko material eta erreminta digitalak ezagutu behar ditu. Horretaz gainera, komunikatzeko baliabideak ezagutu behar ditu eta baita informazioaren trataera menperatu ere, besteak beste, apunteak prestatzeko ere erabiltzen jakin dezan.


     Jakin beharrekoa barneratuta edukita ere, eduki hauek modu egokian transmititzea, edo hobe esanda, eskaintzen jakitea ere garrantzitsua izango da.

     Aurreko hau guzti hau menpean hartutakoan, dakien hori era egokian erabiltzen jakitea kontuan hartu beharreko zerbait izango da, ikasleei, bai edukiak baita ikaskuntza ere erakargarri egiteko gai izan dadin.

     Azkenik, komunikazioa ere aipatu beharra dago. Administrazioarekin, gurasoekin, ikasleen artean... komunikazioa eragiten, bultzatzen eta kontrolatzen jakin behar luke informazio eta komunikazio teknologiak era egokian lantzen dituen irakasle batek.

Ordenagailuak, zirrara eragileak.

     Hezkuntzan, ordenagailuak erreminta gisa ikusteaz gain eta hauek sorrarazten dituzten onura/arazoak ezagutu arren, ezin dugu ahaztu, ordenagailuarekiko dugun harremanak ere, sentsazio ezberdinak eragiten dituela.

     Teknologiak gure erlazioen eta gehiago esanda, gure ezagutzaren eraldatzaile bihurtu dira. Hain zuzen ere, sentsazio hauek dira muturreko ideiak sortzen dituztenak. Bi hitzetan esanda, teknofilia eta teknofobia.

     Lehenengoak, teknologia, arazo guztien konpontzaile bezala ikusten dute, honek ekar ditzakeen errealitatearen ikuspegi eraldatua erakarriz. Beti azkeneko berrikuntzak erabiltzeko nahia erakusten dute.

     Bigarrenek aldiz, beti ere irakaslegoaz hitzeginda, teknologia berriak betiko baloreen mehatxutzat ikusten dutuzte. Baina sakonean begiratuta, egokia ez den formakuntzaren ondorioz sortutako segurtasun eza litzateke arrazoia. Egungo irakasleek, askotan, beraiek baino gehiago dakiten ikasleen aurrean ikusten dute beraien burua, hauen autoestiman eragin nabarmena izanik.

     Beraz, hezkuntzan ordenagailuak edo IKTak modu egoki batean erabiltzeko bidea, irakaslegoaren formakuntzan datza, baina ez formakuntza tekniko batean bakarrik, baizik eta ezagutza tekniko hori, formakuntza pedagogiko sakonago batean integratuz. Ez baita ahaztu behar, tekonologia eta gizartea eskutik doazela.

Thursday, September 29, 2011

Natibo digitalak vs. immigrante digitalak


     Gaur egun askotan entzuten da egungo gazteak ezberdinak direla. ”Lehengo garaietan lan gehiago egiten genuen” bezalako esaldiak behin eta berriz entzuten dira. 

     Hezkuntzarekin erlazionatuta, gaur egungo ikuspegia berdintsua da. Lehengo garaietan materia konkretuak eta aurretik zehaztuak erakutsi/ikasten ziren, garai haietan garrantzitsuak eta beharrezkotzat hartzen ziren gauzak hain zuzen ere. Gaur egungo behar eta interesak, ordea, erabat aldatu dira. Gaur egungo gazteak, teknologiaz inguraturiko gizarte batean hezi izanagatik, ikasteko beste era batzuk exijitzen dituzte.

     Bideojoko, ordenagailu eta mugikorrekin hazitako ikasleak, natibo digital bezala ezagututakoak, irakasleen irakasteko era aldatzea eskatzen dute. Izan ere, beraien irakasteko metodologia aldatu ez duten irakasle horiek, beraien ikasleek inolako interesik jartzen ez duten sentsazioa duten horiek alegia, errua beraiena dela ikusi behar dute. Horrela, beraien irakasteko era aldatu beharko dute, immigrante digital bihurtuz.  Eduki teoriko eta testuak denerako erabiltzeari utzi, eta ariketa praktikoagoekin edukiak berdin irakatsi daitezkela ikusiko dute, ikasle "berriek" ikasi beharrekoa hobeto barneratzearekin batera.

     Aldaketa honek immigrante digitalek eta natibo digitalek hizkuntza bera hitz egitea ekarriko du, eta horrela, hezkuntza egoki, azkar eta baliagarri bat lortuko da, aldi berean, denbora aurrera doan heinean, irakasleak hezkuntzarekin erlazionatutako hobekuntza eta berrikuntzak barneratzen joango direlarik.