Monday, December 12, 2011

Nola diseinatu irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak IKTen laguntzarekin?

Jordi Adellek, bideo honetan, IKTak erabiliz irakaskuntza egokia egiteko TPAC izeneko eredua aurkezten du (Judith Harrisi hartuta). Eta oso egokia iruditu zaigu ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak aurrera eramaterakoan (eta batez ere diseinatzerakoan) irakasleok iparra gal ez dezagun. Alegia, irakasgai zehatzaren edukiak, gure ekintzen pedagogia eta ezagutza teknologikoa landu behar ditugula, guztiak, eta ikasleentzako ariketak prestatzerakoan guztiei arreta eskaini.






Izan ere, ez da gutxi entzuna IKT-en eta metodologiaren arteko gatazka: IKT-ak erabiltzea ez dela irakasle ona izatea. Modernoa agian bai, baina irakasle ona izatea ez, pedagogia ahazten badugu. 

Eta egia da, baita ere, pedagogoen joera dela edukiei (ezagutzazko edo kontzeptualei) garrantzia kentzea. Garai batean garrantzia horri bakarrik ematen zitzaiolako, beharbada.

Beraz, blog honetan lantzen eta erakusten dugun irakasgaiaren hurrengo faseak ildo honi jarraituko diola uste dugu.

Ondoren, bideoaren sintesi labur bat eskaintzen dizuegu, beti ba omen dago norbait bideoak ikusi ezin dituenik (edo ikusi nahi ez dituenik).

 

    Irudiak azaltzen duen bezalaxe, TPACK (Technological Pedagogikal Content Knowledge) hiru multzoren batura da, edo beste era batera esanda, hiru multzoek elkarbanatzen duten ezaugarria da. Irudi honek, irakasle batek, bere jarduera modu egoki batean aurrera eramateko jakin behar duena da, baita teknologia berrien bitartez jarduera didaktiko digitalak diseinatzeko jakin behar duena.Sistema honen sortzailea edo ezagutzera eman duen pertsona, Judi Harris da, eta pertsona honen arabera, gaur egungo jardueren plangintza didaktikoa, “teknozentrikoa” da, hau da, teknologia edo erreminta jartzen da jardueraren erdian, eta ez dugu ahaztu behar, ikasleak direla jarduera guztietako erdigune, “ikaslezentrikoa” behar luke izan.
    Irudiarekin jarraituz, hiru multzoak zer diren azaltzen hasiko gara. Batetik, edukien multzoa dago (urdina), honek esaten du, irakasle batek, lehenik eta behin edukia menderatu behar duela, gainontzean nola irakatsi eduki hori? Honi, “zer irakatsi” deituko genioke. Multzo horia berriz, pedagogiari egiten dio erreferentzi, hau ere, irakasle batek jakin beharrekoa ere, eta honi “nola irakatsi” esango genioke. Azkenik, multzo morea, irakasle batek teknologia ezagutzeari eta erabiltzen jakiteari deritzo, hau, azken urteotan derrigorrezko bihurtu den zerbait izanik.
    Hiru multzo hauen elkartzeak, multzo txikiago batzuk sortzen ditu. Batak, edukiaren pedagogia ezagutza azaltzen du; besteak, edukiaren ezagutza teknologikoa; eta beste batek, ezagutza teknologiko-pedagogikoa. Baina guztien erdian azaltzen den txikitxo hori da, lortzen saiatu behar duguna, hau da, edukiaren ezagutza teknologiko-pedagogikoa. Hiru alderdiak menperatu behar dira, eta era beran hiruak bateratu eta praktikara eramatea lortu behar da.
    Irakaslearen plangintza, modelo honen arabera, ikasleari egokitua (norberaren ikasleei noski), testuinguruari lotuta, jardueretan oinarrituta eta ohizkoa izan behar du. Jarduera bat diseinatzeko orduan, hainbat pausu jarraitzera gomendatzen gaitu modelo honek:
1.        1-Curriculumeko zein atal landu nahi den jakitea, arloari dagozkion helburuei erreparatuz.
2.        2-Jarduera didaktikoaren erabaki pedagogiko praktikoak hartzea.
3.        3- Sekuentzia didaktiko bat sortzeko orduan, jarduera egokiak aukeratu eta sekuentziatu.
4.        4-Ebaluaketa estrategiak aukeratu.
5.        5-Eta azkenik, erremintak aukeratu.
    Azkenik, esan behar dugu, naiz eta teknologiak asko lagundu gaitzakeen, ezin dugula ahaztu pedagogia on batek didaktika hobetuko duela, eta ez teknologiak. Azken hau, erreminta baino ez da, baina pedagogia ona bada eta teknologia baita, bien elkarketak, emaitza hobetuko du.

No comments:

Post a Comment