Saturday, October 15, 2011

Hobeto ikasten da ordenagailuekin?


     GROS, Begoña (2000). El ordenador invisible. Hacia la apropiación del ordenador en la enseñanza. Barcelona: Gedisa. Ediuoc.

     Liburu honetako 5.kapitulua galdera honi erantzuten saiatzen da: Hobeto ikasten al da ordenagailuekin? Erantzun zaila edo galdera desegokia.

     Kontua ez da ordenagailuekin ikasi daitekeen, baizik eta ordenagailuekin gertatzen den ikaskuntza nabarmenki hobea den. 

     Informatikak duen eragina zein den jakin nahi dugu, baina alfabetizazioak izandako eraginaren inguruan ere ez daukagu-eta ezagutza sakonik! Beraz, hain azkar aldatzen diren teknologien inguruan, alderdi zehatzak aztertzea da onena. Lehenik eta behin, hezkuntza eta irakaskuntza bidearen arteko harremanaz dauden hiru iritziak ezagutu behar ditugu:

     Irakaskuntza bideak gertatzen den ikaskuntzan eragina duela uste dutenak. Hauen arabera, bideak metodoa baldintzatu egiten du eta, ondorioz, ikaskuntza ere bai.
Bideak ikaskuntzan eraginik ez duela uste dutenak. Hauen ustez, berriz, erabilitako bideak instrukzioa garraiatuko dute, baina besterik ez. Ikaskuntza instrukzioaren baitakoa izango da. 
Eta bideak eragin dezakeela uste dutenak. Erdipareko iritzi honetan daudenek esaten dute erabilitako bideak irakaskuntza gidatzen ez badu ere, tresna horien ezaugarri batzuek eragina izan dezaketela ikaskuntzan.

     Eraginik bai edo ez, ordenagailuen ezaugarriak aztertzea beharrezkoa da, halanola: notazio mota ugariak (testua, irudiak, musika, bideoa...); dinamikotasuna (beste komunikabide batzuetan baino garrantzia handiagoa du denboraren dimentsioak); eta batez ere, interaktibotasuna.

     Ehundaka ikerketa egin dira ordenagailuen eta hezkuntzaren inguruan. Datu mordoa dago bilduta. Baina datu horiek nola interpretatu da arazoa. Ikerketa horien sailkapena egitea da bide bat eta ildo horretan proposamen ezberdinak daude: kronologikoki antolatzea; ikerketa motaren arabera (teorikoak, enpirikoak, ebaluazioak...); Ikerketa metodoaren arabera (kuantitatiboak, kualitatiboak, teoria kritikoak...); teknologia hauen kostua (ekonomikoa edo ekologikoa) ikaskuntzaren hobekuntzarekin alderatzen dituztenak; ikerketaren ardatzaren arabera (tresna, ikaslea, testuingurua)...

     Ez dago garbi, beraz, ordenagailuak erabilita gertatzen den ikaskuntza nabarmenki hobea den.

No comments:

Post a Comment