Sunday, October 30, 2011

Zer da Web2.0? (Manuel Arearen bideoa)

     Manuel Arearen bideo honetan Web2.0 deitzen zaiona zer den eta zehazki hezkuntzan zein eragin duen azaltzen du.

     Ez da ezer fisikoa, baina gizakiek lan egiteko gune berria da. Ez da estatikoa, baizik eta aldaketa jarraia duen gauza, beraz, Web2.0 deitzea gaur egun ezagutzen dugun Internet adierazteko modua da.

     Orain Web1.0 deitzen zaion horretan nagusiki irakurri egiten zuen erabiltzaileak, orain dela hamar bat urte. Gaur egun, ordea, irakurri eta idatzi egiten da eta horrek aldaketa sakonak dakartza. Horregatik Web2.0 deitzeko beharra sentitu da.

     Hezkuntzaren esparruan oso interesgarria da sarean ibiliz ikastean gertatzen dena. Ikasleek informazioa bilatu (idatzizko edo ikusentzunezko testuak) eta irakurri ondoren konpartitu egiten badute, komunikatzen badira, ikaskuntza sakonagoa gertatzen da.  Ikuspegi konstruktibista batez irakasteko oso interesgarriak dira blogak eta wikiak bezalako erremintak bakarka eta, batez ere, taldean lan egitea errazten baitute.

     Baina jakina, irakasleak blog eta wikien sortzaile izan behar du ikasleak erreminta hauekin lanean jarri aurretik. Eta irakasleak lortu behar du ikasteko esparruak ireki izatea, bai internet barruko nabigatze librea eta bai ordenagailutik kanpoko elkarrekintzak naturalak izatea, salto handirik suposatu gabe.

     Web2.0 edo eLearning2.0 garaiko irakasleak, bestalde, ez ditu bere klasean sorturiko baliabide didaktikoak beretzat gordeko (copyleft...). Interneten jarriko ditu besteei eskaintzeko eta, era berean, eskuragarri izango ditu besteen materialak eta esperientziak.






No comments:

Post a Comment