Monday, October 31, 2011

What is Web2.0? (JISC-eko artikulua)

     Web2.0 terminoa 2004an esan zen ofizialki lehen aldiz. Sentsazio bat azaldu nahi izan zen izen berri honekin eta asko zabaldu da. Baina zer da?

     Izan ere, orain Web1.0 deitzen zaion hori ere "edonork editatu ahalko zuen informazio leku bakar eta globala" izateko jaio zen. Besterik gabe, webaren patua orain gutxi erdiesten hasi da. Beraz, Web1.0 eta Web2.0 garapen faseak dira, ez kontrajarritako gauzak.

     Enpresa ugarik marketina egite aldera 2.0 izatea egozten diete beren web zerbitzuei, horregatik, garrantzitsua da bata eta bestea bereizten dituzten ezaugarriak zehaztea.

     Erabiltzailearen apartehartzea gehitu da. Lehen (Web1.0) web orriaren sortzaileak baino ez zeukan edukia aldatzeko aukerarik, baina orain, blogetan adibidez, edonork iruzkinak egiteko aukera du. Blogaren ezaugarri aipagarriak dira premalink-ak, trackback-a eta blogroll-a... Blogetan sindikatzeko aukera ere badago eta milaka blog eta bloglariren arteko harreman sare horri blogosfera deitzen zaio.

     Wikietan, berriz, edonor sartu daiteke editatzera eta, bandalismorik jasanez gero, wikiaren historian atzera egiteko aukera dago. Wikiek duten irekitasuna oso interesgarria da kolektiboaren ahalmena aprobetxatzeko eta edukiari egindako erasoak erabiltzaileen bidez nahiko azkar konpontzen direla ikusi da. Edonola ere taldeko wikiak egin daitezke, sartzeko baimena behar dutenak.

   Blogek eta wikiek hezkuntzan eragina daukate, izan ere, irakurketa soilaren ordez, ikaskuntza prozesuak elkarrizketa bihurtzen dituzte. Baina ez da pentsatu behar ikasleei ordenagailuak eman eta automatikoki gustura ikasiko dutenik. Badira ordenagailuak eskoletan erabiltzen hasi orduko interesa galdu egingo dutela pentsatzen dutenak.

     Interneteko informazioa antolatzeko beste era bat tag-ak dira. Eduki bati (web orri, argazki, bideo...) gako hitzak egokituz, gako hitz bera duten beste edukiekin batera lotu daiteke eta, oraindik formetan adostasunik ez badago ere, oso teknika erabilgarria da.

     Informazioaren markatze hau bi eratakoa izan daiteke: norbanakoa edo taldekoa. Norberak bere gogokoak pilatzen eta antolatzen baditu ere, badaude guneak interneteko edukiak taldearen erreferentziekin antolatzen dituztenak. Era horretan, erabiltzailea iritsi orduko antolatuta dago informazioa, nolabaiteko "inteligentzia kolektiboz". 

     Baina norena da informazio hori guztia? Interneten jartzen ditugun datu asko enpresa pribatuen eskutan daude. Jabetza estilo berriak sortzen ari dira (creative commons...) eta intimitate estiloa ere aldatzen ari da (facebook...), baina eztabaida begibistakoa da. Edonola ere, badago informazioaren jabetzari baino gehiago eskuragarritasunari, kontrolari, garrantzia ematen dionik. Eta informazio hori galduko balitz?


      Izan ere, larritzeko modukoa da ezagutza hori guztia hain formatu kalteberan dagoela pentsatzea... Kardinalitatea da kontzeptu garrantzitsu bat: eduki informatiko batek sareko zerbitzarietan zehar dituen kopia kopurua. Baina, nahikoa al da hori? Zein da gorde behar den informazioa? Web2.0an ikusentzunezko edukiek garrantzia handia dute eta sarritan erabiltzailearen esperientzia da garrantzia duena, alegia, egiten duen bidea. Nola gorde liteke hori? Bestalde informazioa pertsona ugariren arteko harremana kontuan hartu gabe gordetzen bada, konektibitate hori gabe, esanahi asko galtzen da. Etorkizuneko historialarientzat, adibidez, oso interesgarria izango da jendeak google-en egin dituen bilaketen zerrenda begiratzea. Beraz, informazioaren gordetze hori ez da dokumentu bakoitzaren kopia bat era seguruan gordetzea bezain erraza. Orokorrean, artxiboen aurreko egoerak berreskuratzeko teknologiak garatzen hasi berriak baino ez dira.

     Horrelakoak eta gehiago aipatzen dira irakurri dugun JISC-eko artikulu interesgarrian.

No comments:

Post a Comment